Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Justizia > Justizia Euskadin

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia

Euskal Autonomia Erkidegoak justizia-gaietan dituen eskumenak

1988an egin ziren baliabide ekonomikoak kudeatzeko lehenengo transferentziak Estatutik EAEra. Transferentzien prozesua 1996an burutu zen, langileekin loturiko transferentziak egindakoan. Lehenengo transferentzia horiek egin zirenetik, EAEko Justizia Administrazioan administrazioa modernizatzeko ekimen ugari egin dira.

Lehenengo jarduerak

Eraikuntza Plana gauzatu zen. Hari esker, 10 Justizia Jauregi berri eraiki eta lehendik zeuden eraikin judizialak goitik behera eraberritu ziren.

Lehenengo bi plan informatikoak garatu ziren (1990-99). Haiei esker, bulego judizial guztietan izapideak modu automatizatuan egiten hasi ziren, eta ondoren, profesionalak, Justizia Administrazioaren letraduak eta auzitegiko medikuntza ere informatika-planetan txertatu ziren.

Hala, Bulego Judizialaren lehenengo erreformari esker, antolaketa-eredu atomizatua gainditzea lortu zen eta Zerbitzu Erkideak ezarri ziren, herritarrek kalitatezko arreta eta informazio osatua jaso zezaten.

Gaur egun

Gaur egun, Eusko Jaurlaritzako Lan eta Justizia Sailak, eraikin judizialen kudeaketaz arduratzeaz gain, Justizia Administrazioaren mendeko baliabide ekonomikoak zein giza baliabideak kudeatzen ditu. Justizia Sailaren mendekoak dira, hain zuzen, kudeaketa, izapidetze eta laguntza Judizialeko kidegoetako funtzionarioak, auzitegiko medikuak, psikologoak, itzultzaileak, adituak, hizkuntza-normalizatzaileak eta abar.

Epaileak, berriz, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren mendekoak dira, fiskalak Estatuko Fiskaltza Nagusiaren mendekoak eta Justizia Administrazioaren letraduak Justizia Ministerioaren mendekoak.

Gora itzuli

Autonomia-erkidegoko Justizia Administrazioaren modernizazioa

Justizia Administrazioa modernizatzea eta herritarrei hurbiltzea da EAEko justiziak azken urteotan egin dituen jarduera guztien helburu nagusia.

Horren ondorioz, 2008an, zerbitzu judizialen kalitatearen harira hainbat jarduera onartu zituzten eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioa modernizatzeko eta euskalduntzeko ondorengo planak jarri ziren abian:

JAIKP: EAEko Justizia Administrazioaren Informatika eta Komunikazioetako Plana.

JAAP: EAEko Justizia Administrazioaren Bulego Judizialak eta Fiskalak Antolatzeko Plana.

Plan horren ondorioz, Bulego Judizial Berria, ezartzeko prozesua gauzatzen ari da. 2010eko maiatzean jarri zen abian eta epaitegiei sakoneko aldaketak ekarri dizkie antolaketan, sistema judiziala osatzen duten elementu guztiei eragiten dieten erreformen bidez.

JAHNP: EAEko Justizia Administrazioan Hizkuntza Normalizatzeko Plan Orokorra.

JAMJI: EAEko Justizia Administrazioa Modernizatu eta Euskalduntzeko Jarrera Integrala.

Gora itzuli

Euskal Autonomia Erkidegoko jurisdikzio-organoak

Euskal Autonomia Erkidegoko epaitegiek eta auzitegiek arlo zibileko, zigor-arloko, lan arloko eta administrazioarekiko auzien arloko gaiak epaitzeko eskumena dute.

Justizia Auzitegi Nagusia

Autonomia Estatutuak aurreikusten du Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioaren antolaketaren maila gorenean auzitegi hau egotea. Euskal Autonomia Erkidego osoan du eskumena eta bertan agortzen dira errekurtso guztiak, gaia dela-eta Auzitegi Gorenean aurkeztu behar diren errekurtsoak izan ezik.

Probintzia Auzitegiak

Bilbon, Donostian eta Gasteizen daude probintzia auzitegiak, eta kasuan kasuko probintziako lurralde osoan dute eskumena. Bi sekzio edo gehiago dituzte eta arlo zibileko eta zigor-arloko kausak hartzen dituzte, batik bat, apelazioan (bigarren auzialdia).

Epaitegiak

Hainbat epaitegi mota daude, kasuan kasu epaitu beharreko gaiaren arabera:

Lehen auzialdiko epaitegia

Kokaturik dauden barruti judizialean dute eskumena, eta partikularren arteko erreklamazio zibilak epaitzen dituzte. Lehen auzialdiko epailea da Erregistro Zibileko arduraduna, eta bertan, oharrak eta inskripzioak egiten dira honako hauen inguruan, besteak beste: jaiotzak, heriotzak, ezkontzak, nazionalitateak eta bizi-agiriak.

Instrukzioko epaitegia

Barruti judizialean dute eskumena, delituak zein ustezko errudunak ikertzen dituzte, eta behin-behineko espetxealdia agin dezakete.

Administrazioarekiko auzietako epaitegia

Probintzia osoan dute eskumena eta egoitza kasuan kasuko hiriburuan. Administrazio Publikoaren jarduketen kontra jarritako errekurtsoak ebazten dituzte.

Lan-arloko epaitegia

Probintzia osoan dute eskumena eta egoitza kasuan kasuko hiriburuan. Enpresen eta langileen artean sortutako gatazkak epaitzen dituzte, bai eta Gizarte Segurantzari egindako erreklamazioak edo Estatuaren kontrako auziak ere lan-arloko legeriak erantzukizuna esleitzen badio.

Espetxeratuen zaintzako epaitegia

Probintzia osoan dute eskumena eta zigor-arloko izaera dute. Askatasuna kentzeko zigorrak kontrolatzen dituzte eta espetxeetan dauden pertsonekin loturiko ebazpen oro ematen dute.

Adingabekoen auzitegia

Probintzia osoan dute eskumena eta egoitza kasuan kasuko hiriburuan. Zigor-arloko izaera dute, eta adingabeek egindako falta eta delituak epaitzen dituzte.

Bake epaitegiak

Lehen auzialdiko eta instrukzioko epaitegirik ez duten udalerrietan daude bake epaitegiak. Kasuan kasuko udalerrian dute eskumena. Bake epaileak ez dira karrera judizialeko kideak, baina funtzio jurisdikzionalak dituzte, garrantzi baxuagoko auzi zibil eta penalak ebazten baitituzte. Bake epaitegiek erregistro zibilen funtzioak betetzen dituzte.

Gora itzuli

Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltzaren egitura

Autonomia erkidegoan

Batasun hierarkikoaren printzipioa betez, Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskaltza da erkidegoko organo gorena eta erkidego osoan du eskumena. Euskal Autonomia Erkidegoko Fiskal Nagusia da Fiskaltzaren burua. Bere egoitza Justizia Auzitegi Nagusiarenean dago (Bilbon, kasu honetan).

Probintzietan

EAEko hiru probintzietan Probintziako Fiskaltza dago. Horietako bakoitzak Fiskalburu bat du, eta egoitzak probintzia-auzitegien egoitzak dauden tokietan daude (Bilbon, Donostian eta Gasteizen).

Probintzia-fiskaltzak ataletan banatuta daude:

  • Adingabeak
  • Emakumearen aurkako indarkeria
  • Ingurugiroa
  • Bide-segurtasuna
  • Laneko ezbehar-tasa
  • Lan-zamarengatik, lege-xedapenengatik edo erregelamenduzko xedapenengatik aurreikusten diren beste batzuk

Probintzien barruan

Noizbehinka, Arloko Fiskaltzak esaten zaienak sortzen dira, barruti judizial baterako edo gehiagorako. Horietako bakoitzaren buru Fiskalburu bat izaten da, hierarkikoki probintziako Fiskalaren azpian dagoena.

Probintziako Fiskaltzetan Probintzietako Fiskaltzen Lurralde-Sekzioak egoten dira, ondore hierarkiko eta organikoetarako. Dekano bat izaten dute buru.

Gora itzuli