Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Zerbitzuak eta izapideak > Jaiotza-inskripzioa

Jaiotza-inskripzioa

  • Aurrez aurre izapidetu

Ohiko galderak

Zer behar duzu

Izapide hori egiteko ez da beharrezkoa aldez aurretik hitzordua eskatzea.

Inskripzioa haurra jaio den ospitaletik egiten baduzu, hurrengo dokumentazioa aurkeztu behar duzu:

  1. Guraso bien NAN, NIE edo pasaportea, eta eskatzailearena -azken hau gurasoa ez bada-.
  2. Gurasoak ezkonduta bazaudete, ezkontza-ziurtagiria aurkeztu behar duzue; bestela, Inprimaki ofizialean ezkonduta zaudetela egiaztatzeko ziurtagiria sinatu beharko duzue. Ezkongabeak bazarete, Inprimaki ofizialean gurasotasun ziurtagiria sinatu beharko duzue.

Haurrak Euskadiko ospitale publiko guztietatik inskribatu daitezke. Horrela jasota dator uztailaren 13ko 19/2015 Legean, Justizia Administrazioaren eta Erregistro Zibilaren eremuko administrazioa eraberritzeko neurriei buruzkoan.

Haurra Erregistro Zibilean edo Bake Epaitegian inskribatzeko aukera ere badago. Kasu horretan, bi aukera daude:

Haurra jaio den udalerrian bertan erregistratu nahi baduzu, dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzu:

  • Mediku-ziurtagiria, edo emaginarena, edo erditzean lagundu duen osasun-laguntzaile teknikoarena.
  • Familia-liburua, gurasoak ezkonduta bazaudete, bertan jaiotza idatziz jasotzeko. Gurasoak ezkonduta ez bazaudete, jaiotza inskribatzeko unean familia-liburua emango dizuete.

Bananduta bazaude eta inskribatu nahi duzun haurraren aitarekin ezkondu ez bazara, aipatutako dokumentuez gain, dibortzio-epaia ere aurkeztu behar duzu.

Haurra bi gurasoak erroldatuta zaudeten udalerrian inskribatzen baduzu, guraso biek elkarrekin bertaratu beharko duzue eta, aipatutako dokumentuez gain, beste hauek ere aurkeztu beharko dituzue:

  • Bi gurasoen errolda-ziurtagiria.
  • Jaioberriaren inskripziorik egin ez dela dioen klinikaren edo ospitalearen ziurtagiria.

Nork egin dezake

Inskripzioa ospitaletik egiten bada, aitak, amak edo gurasoek ezean, gertuko senide batek edo beste norbaitek egin dezake; beti ere, adinez nagusia bada eta jaiotzaren lekuan egon bada. Gainontzeko horien artean daude ospitaleko, klinikako eta erakunde sanitarioko zuzendaritza, baita erditzean egon den sendagile edo sanitarioa, baldin eta erditzea erakunde sanitario batetik kanpo izan bada. Horretarako, hurrengo baldintzak bete behar dira:

  • Gurasoak ezkonduta daude eta horietako bat gutxienez espainola da.
  • Gurasoak ez daude ezkonduta eta gurasotasuna amari bakarrik ematen bazaio edo aita biologikoa bertan badago eta eskaera bi gurasoek sinatzen badute.
  • Gurasoak atzerritarrak badira eta biek nazionalitate berdina badute.

Jaiotza-inskripzioa ezin izango da telematikoki egin hurrengo kasuetan:

  • Ezkontzazko aitatasunari buruzko presuntzioa bertan behera uzten denean.
  • Gurasoetako bat adingabea bada edo judizialki ezgai bada.
  • Ezkontzatik kanpoko jaiotzetan, aita ez badago, edo gurasoetako bat edo biak hilda badaude edo ezgaiak badira.
  • Gurasoak atzerritarrak badira eta bakoitzak nazionalitate ezberdina badu.
  • Amak gurasotasunari uko egiten badio.

Inskripzioa Erregistro Zibilean edo Bake Epaitegian egiten baduzu, bi aukera daude:

Jaiotza gertatu den udalerrian bertan inskribatzen bada eta

  • Gurasoak ezkonduta badaude, izapidea aitak, amak, gertueneko senideak edo, hala behar izanez gero, jaiotza-lekuan izan den edozein adinekok egin dezake.
  • Gurasoak ezkonduta ez badaude, izapidea elkarrekin egin behar dute bi gurasoek.
  • Gurasoak adin txikikoak badira, izapidea bi gurasoek egin beharko dute, beren legezko tutoreekin batera.

Bi gurasoak erroldatuta dauden udalerrian erregistratu nahi baduzue, izapidea elkarrekin egin beharko duzue.

Aurkezteko epea

Haurra jaiotzen denetik 72 ordu dituzu jaiotza-inskripzioa ospitaletik egiteko.

Ospitalean egiterik izan ez baduzu, hamar eguneko epea daukazu Erregistro Zibilean edo Bake Epaitegian jaiotza inskribatzeko. Epea 30 egunera arte luzatu daiteke, baldin eta bidezko arrazoi bat egiaztatzen bada.

Non aurkeztu

Ospitalean edo haurra jaio den edo bi gurasoak erroldatuta zaudeten udalerriko Erregistro Zibilean edo Bake Epaitegian.

Nola erantzuten dizugu

Inskripzioa ospitaletik egiten baduzu, egiaztagiri bat emango dizute, eta ondoren, posta arrunt bidez edo posta elektronikoz jaiotza-ziurtagiria jasoko duzu. Familia Liburua eguneratzea ez da beharrezkoa, baina nahi izanez gero Erregistro Zibilera edo Bake Epaitegira joan zaitezke jaiotza jaso dezaten.

Inskripzioa Erregistro Zibilean edo Bake Epaitegian egiten baduzue eta Familia-liburua lehendik badaukazue, jaiotza berehala erregistratuko dugu. Baina oraindik familia-libururik ez badaukazue, berehala emango dizuegu, jaiotza-inskripzioarekin.

Izapidetu bitartean

Akats posibleak zuzentzea: Jaiotza erregistratu ondoren familia-liburuan akatsen bat dagoela antzematen baduzu, jaiotza inskribatu duzun Erregistro Zibilean akatsa zuzentzeko espedientea abiarazi beharko duzu, eta akats hori egiaztatzen duten dokumentuak aurkeztu beharko dituzu. Izapide hori egin ondoren, Erregistro Zibilak akatsa zuzenduko du eta zuzendutako familia-liburua berehala itzuliko dizu.

Epez kanpo inskribatzea: Jaiotza ezin izan bada aurreikusitako epeetan inskribatu (gehienez, jaio ondorengo 30 egunen barruan), bizilekuaren arabera dagokizun Erregistro Zibilean espediente bat izapidetu beharko duzu. Espedientea egiteko eta pertsona legez existitzen dela erakusteko dokumentu hauek aurkeztu beharko dituzu:

  • Jaioberri bat inskribatu nahi baduzu
  1. Mediku-ziurtagiria.
  2. Haur hori existitzen dela eta toki eta data horretan jaio dela ziurtatzen duten dokumentuak (NANaren fotokopia, bataio-ziurtagiria, errolda-ziurtagiria eta abar).
  3. Haurra adierazitako egunean eta orduan jaio zela berretsiko duten bi lekuko.
  • Gainerako kasuetan
  1. Auzitegi-mediku batek emandako mediku-ziurtagiria.
  2. Pertsona hori existitzen dela eta toki eta data horretan jaio dela ziurtatzen duten dokumentuak (NANaren fotokopia, bataio-ziurtagiria, errolda-ziurtagiria eta abar).
  3. Pertsona hori adierazitako egunean eta orduan jaio zela berretsiko duten bi lekuko.
  4. Neba-arreben eta, ezkontidea izanez gero, horien baimen sinatua, pertsona hori haien neba, arreba edo ezkontide gisa aitortzearekin bat datozela berretsiz. Erregistro Zibila senide horiekin harremanetan jarriko da, pertsonalki edo exhortoen bidez, baimen sinatua lortzeko.

Inskripzioa, nazioarteko adopzioetan: Atzerriko haurra adoptatu baduzue, jaiotza-inskripzioa egin eta orri-bazterrean nazioarteko adopzioa dela jasotzen duen oharra jarri behar da. Aurrez aurreko izapidea da eta adoptatzen duen norbanako edo bikotearen bizilekuari dagokion Erregistro Zibilean egin behar da. Adoptatutako pertsonak ere inskribatzea eska dezake, baldin eta adinez nagusia bada edo emantzipatua badago.

Prozedura hurrengoa da: lehendabizi inskripzio biologikoa egiten da eta orri-bazterrean nazioarteko adopzioa dela jasotzen duen oharra idazten da. Ondoren, inskripzio biologikoa ezeztatu eta adopzioa inskribatzen da (era horretara adingabearen pribatutasuna babesten da).

Izapidea egiteko ez da hitzordurik eskatu behar. Erregistro zibilera joan eta inprimakia eskatu behar da. Horren ostean, bikotea bazarete, biak joan beharko duzue dokumentazioa eramatera eta sinatzera. Une horretan, jaiolekutzat gurasoaren/gurasoen egoitza edo haurraren jaioterria jarri behar da. Adoptatutako haurraren izena aldatzeko aukera ere dago. Zenbait kasutan izena adopzio-epaian jasota dago, beste batzuetan, berriz, epaitegian eska daiteke.

Dokumentazio guztia eraman ostean, Erregistro Zibilera berriz itzuli beharra dago, inskripzioaren datu guztiak zuzenak direla egiaztatzeko. Orduan gurasoetako bat joatearekin nahikoa da. Guztia zuzen badago, adopzioaren inskripzioa jaso daiteke.

Nazioarteko inskripzioa egiteko hurrengo dokumentazioa aurkeztu behar da:

  • Adoptatuko duen norbanakoaren/norbanakoen NANaren fotokopia.
  • Erroldatze ziurtagiria.
  • Egokitasuneko ziurtagiria.
  • Adopzio epaia, itzulia eta legeztatua.
  • Adingabearen jaiotza-ziurtagiria, datu biologikoduna, legeztatua eta itzulia (Dagokion Atzerriko Erregistro Zibilaren jaiotza-ziurtagiria, legeztatua, edo apostillarekin eta Estatu Espainoleko hizkuntza ofizialen ez badator, zinpeko itzultzaileak itzulita egon behar du).
  • Adingabearen jaiotza-ziurtagiria, adopzio autoekin, legeztatua eta itzulia.
  • Adopziogilearen edo adopziogileen hitzez hitzeko jaiotza-ziurtagiria.
  • Gurasoen hitzez hitzeko ezkontza ziurtagiria (baldin badago)
  • Datu biologikoen aitortza-orria eta adopzio datuen aitortza-orria (bi inprimaki hauek erregistro zibilean ematen dituzte).

Izapidearen kostua

Doako izapidea.

Informazio osagarria

Izena hautatzeko mugak

Jaiotza-inskripzioa lekualdatzea: 1958ko azaroaren 14ko Dekretuaren 76. eta 77. Artikuluak; horien bidez Erregistro Zibilaren Legearen Araudia onartzen da (2007an berrikusia).

Inskribatutako pertsonak edo legezko ordezkariek inskripzioa lekualdatzea eska dezakete. Horretarako, egoitzagatik dagokien Erregistro Zibilean hurrengo dokumentuak aurkeztu behar dituzte:

  • NAN
  • Jaiotzaren hitzez hitzeko ziurtagiria
  • Erroldatze-ziurtagiria

Jaiotza-inskripzioa egoitzagatik lekualdatuz gero, hogeita bost urte igaro arte ezin izango da egoitzagatik beste Erregistro batera aldatu.

Nazioarteko adopzioetan, adingabea Erregistro Zibil Nagusian inskribatuta egongo da. Kasu horretan, haurra adopzioan hartu duten gurasoek inskripzioa egoitzagatik dagokien Erregistrora  lekualdatzea eska dezakete. Horrez gain, haurraren guraso biologikoen izen-abizenak jasotzen dituen jaiotza-inskripzioa indargabetzeko eska dezakete, inskripzio berrian euren datuak bakarrik ager daitezen.