Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Hasiera > Familia > Ohiko galderak

Familiari buruzko ohiko galderak

Nire seme-alaben amak ez dit haiek ikusten uzten. Zer egin dezaket?

Eusko Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Gaietako Saileko Familia Bitartekaritzako Zerbitzura jo dezakezu horrelako egoeretan. Zerbitzuaren egoitza Bilboko Santutxu kaleko 69an dago. Zerbitzu horrekin harremanetan jartzeko telefono-zenbaki honetara deitu ahal duzu: 94 427 77 88.

Gora itzuli

Norentzat da familia-liburua dibortzio kasuetan?

Bikotekideetako baten esku geratuko da, eta besteak ale bikoiztua eskatu ahal izango du.

Gora itzuli

Nola egiazta dezaket ondasunen banantzea erregistratuta dagoen?

Erregistro Zibilean ezkontza-ziurtagiriaren hitzez hitzeko kopia eska dezakezu. Agiriaren orri-bazterrean idatzita agertuko da ondasunen banantzea.

Gora itzuli

Nola bihur dezaket irabazpidezko ondasun-erregimen ekonomikoa ondasun-bananketako erregimen?

Ondasunen banantzea hautatzeko, ezkontza-hitzarmena notario aurrean sinatu beharko duzu. Ezkontzaren aurretik edo ondoren egin dezakezu izapide hori. Ezkontza-itunak egin ostean, jatorrizko agiria eta haren kopia bat aurkeztu behar dituzu Erregistro Zibilean, zuen Familia-liburuan eta ezkontza-inskripzioan sar daitezen.

Gora itzuli

Eska dezaket nire aita zenaren familia-liburua?

Ez. Familia-liburua ezkontideei soilik eman ahal zaie; beraz, zure gurasoak hilda badaude, ezin dezakezu eskatu. Familia-liburuko akreditazioetako bat behar izanez gero, Erregistro Zibilean eska ditzakezu jaiotza-, ezkontza- edo heriotza-ziurtagiriak.

Gora itzuli

Ezkontza-espedientea irekitzeko, aurrez hitzordua eskatu behar dut Erregistro Zibilean?

Bai. Ezkontza-espedientea irekitzeko, beharrezkoa da ezkontideetako batek edo senideren batek Erregistro Zibilera jotzea bete behar den inprimakia jasotzeko. Inprimakia betetakoan, beharrezko dokumentazioarekin batera entregatu behar da. Une horretan emango dizuete hitzordua bi ezkontideoi lekukoekin batera Erregistro Zibilera joan eta espedientea irekitzeko.

Gora itzuli

Beste edozein joan daiteke gure izenean Erregistro Zibilera gure eliza-ezkontza inskribatzera?

Bai. Horretarako, eliza-ezkontzaren ziurtagiria eraman behar da; hau da, ezkontzaren unean jaso duzuen agiria.

Gora itzuli

Ezkontza-espedientea edozein Erregistro Zibiletan has nezake?

Ez. Ezkontza-espedientea hasteko ezin duzu edozein erregistro zibiletara jo, erroldatuta zaudeten herriari dagokion Erregistro Zibilera baizik.

Gora itzuli

Ezkontza bat egiteko Erregistro Zibilean aurkeztutako agiriek iraungitze data dute?

Ezkontza-espediente bat hasteko Erregistro Zibilean aurkeztu behar diren agiri guztiek hiru hilabeteko antzinatasuna izan behar dute gehienez ere. Agiriei sarrera Erregistro Zibilean eman bazaie ez dira iraungitzen.

Gora itzuli

Nola zuzen dezaket nire ezkontza agirian ikusi dudan akatsa?

Akatsa zuzentzeko, bi ezkontideok joan beharko duzue, NANa edo pasaportea hartuta, erroldatze-datu okerrak dituen pertsona inskribatuta dagoen Erregistro Zibilera.

Gora itzuli

Zer da familia bitartekaritza?

Familia bitartekaritza, arbitrajea eta adiskidetzarekin batera, gatazkak konpontzeko aukeratako bat da. Kasu honetan, aurkaratutako alderdiei (gurasoak eta seme-alabak, bikotekideak, anai-arrebak...), inoren alde ez dauden pertsonek laguntza ematen diete; haien helburua komunikatzen laguntzea da, beraiek bakarrik gatazkaren konponbidea lor dezaten. Bitartekariak ez ditu alderdien abokatuak ordezkatzen. Bere eginkizuna bestelakoa da, ez dago inoren alde; abokatuek, ordea, alderdi bakoitzaren interesak defendatzen dituzte.

Gora itzuli

Zer da familia uztea?

Norbaitek guraso-ahalari, tutoretzari, zaintzari edo familia-harrerari berez dagozkion laguntzeko lege-eginbeharrak betetzeari uztea, edo bere ondorengoak, aurrekoak edo ezkontidea mantentzeko legez ezarritako beharrezko laguntza emateari uztea, haiek behartsuak izanik.

Gora itzuli

Nola eska dezaket Hagako apostilla duen ziurtagiri bat?

Lehenengo, jaioterriaren arabera dagokizun erregistro zibilean ziurtagiria eskatu behar duzu, edo bestela, eskabidea on-line egin dezakezu. Ondoren, ziurtagiri hori EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko Gobernu Idazkaritzara bidali behar duzu, hau baita apostilla jartzeaz arduratzen den erakundea

Gora itzuli

Nola jakin dezaket on line egindako eskabide baten egoeraren berri?

Sartu izapideen egoeraren kontsulta atalean eta jar ezazu zure NAN zenbakia horretarako propio prestatutako moduluan.

Gora itzuli

Zer egin dezaket bikotekideak ez badit pentsioa ordaintzen?

Banantze-epaia eta agindutako neurriak betearaztea eska dezakezu. Epaitegiak ezarritako ordainketaren zenbatekoaren berri eman beharko dio adingabeen amari edo aitari. Epaileak nominen zein bestelako ondasunen enbargoa agindu dezake.

Zigor Kodeak pentsioak ez ordaintzea familia abandonatze delitu-gisa zehazten du. Zure seme-alaben aita edo ama sala dezakezu, ez badu ordaindu ondoz ondoko bi hiletan edo ondoz ondokoak ez diren lau hiletan.

Gora itzuli

Nire bikotekideari seme-alabak ikusten utzi behar diot pentsiorik ordaintzen ez badit?

Zure bikotekideak, mantenu-pentsioa ordaindu ez arren, bere seme-alabak ikusteko eskubidea du. Bi-biak bete beharreko eskubide eta eginbeharrak dira.

Gora itzuli

Jaiotza-, ezkontza- edota heriotza-ziurtagiriak eska al ditzaket Justizia.net-en bidez?

Bai. Sartu Internet bidezko izapideak  atalean eta hautatu behar duzun ziurtagiri-mota. Doako zerbitzua da eta eskaera egindakoan eta baieztapena posta elektroniko bidez jaso ostean, zazpi eta hamar egun arteko epean posta arrunt bidez jasoko duzu ziurtagiria adierazi duzun helbidean.

Gora itzuli

Hipoteka-arloko bitartekotza zerbitzura jo dezaket, aurretik nire bankuarekin akordiorik lortzen saiatu ez banaiz?

Ez. Lehenik eta behin  zure kontura  saiatu behar duzu zorra kitatzeko akordio batetara iristen. Akordiorik lortzen ez baduzu, orduan bakarrik jar zaitezke harremanetan bitartekotza zerbitzuarekin.

Gora itzuli

Zein dokumentazio mota aurkeztu behar dut Bitartekaritzako Zerbitzura jotzeko?

  • Zerbitzua eskatzeko eskaera-orria behar bezala beteta.
  • Jabeen NAN/AIZ.
  • Erosketaren notario-eskritura.
  • Maileguaren notario-eskritura.
  • Erroldatze ziurtagiria.
  • Maileguaren egoerari buruzko finantza-erakundearen eguneratutako dokumentua.
  • Unitate familiarreko kide guztien eta maileguaren titularren errenta-aitorpena.
  • Beste zor batzuen xehetasunak.
  • Jasotako jakinarazpen judizialak.
  • Adostasunik gabeko negoziaketaren egiaztagiria (erakunde batzuk ez dute horrelako ziurtagiririk ematen).

Kontuz: Jatorrizko dokumentuak eta bakoitzaren kopia eraman behar duzula gogoratu.

Gora itzuli

Orain Burgosen bizi naiz. Nola eska dezaket familia-liburuaren bikoiztua, Sestaora joan gabe?

Batetik bestera joan behar ez izateko, Burgosen duzun egoitzari dagokion Bake Epaitegian egin dezakezu eskaera. Eskaera egiteko ezkontideetako batek epaitegira joan beharko du. Bertan inprimaki bat beteko duzu eta inprimaki hori gero Sestaoko Bake Epaitegira bidaliko dute.

Gora itzuli

Jaiotza-ziurtagiria jaiotza data zehatza jakin gabe eska dezaket?

Ez. Jaiotza-ziurtagiria eskatzeko ezinbestekoa da jaiotza lekua eta data zehatza jakitea. Informazio hori ez badaukazu, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Elizbarrutiko Artxibo Historikoetan galdegin dezakezu. Jaiotza lekua eta data dakizkizunean hurrengo lekuetan ziurtagiria eska dezakezu: Justizia.net-en, Erregistro Zibilean edo dagokizun Bake Epaitegian.

Gora itzuli

Non erregistratzen da ondasunen bananketa?

Ondasunen bananketa zuen Familia-liburuan eta ezkontza-inskripzioan erregistratzen da.

Gora itzuli

Ezkontzeko asmoa daukat eta izatezko bikote naiz. Zer egin behar dut?

Izatezko bikoteek ez dute inolako izapiderik egin behar Erregistro Zibilean ezkontzeko. Ezkongabeak dira, hortaz, ezkontza-espedientea hasterakoan  horrela adierazi behar dute.

Gora itzuli