Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Zerbitzuak eta izapideak > Enplegu publikoa > Deialdien informazioa

Enplegu publikorako deialdien informazioa

Lan poltsa

Justizia Administrazioan, aldi baterako zerbitzuak emateko pertsonal-hautespena lan-poltsen bitartez egiten da. Lan-poltsa horiek Bulego Judizial eta Fiskaleko Zuzendaritzaren mendeko Giza Baliabideen Zerbitzuak kudeatzen ditu.

Lan-poltsen sorrera erregulatzen duen araua azterketa-prozesuan dago eta aurki argitaratuko da lanpostuak hornitzeko prozesuaren erregulazio berria.

Justizia.net-en kontsulta dezakezu 2007az geroztik indarrean dagoen lan poltsari buruzko dokumentazioa eta baita aurreko urteetako historikoa ere.

Gora itzuli

Oposizioak

Nola lor daiteke Justizia Administrazioan lanean jardutea?

Justizia Administrazioko lanpostu bat lortzeko honako bide hauetako bat hartu behar da:

  • Hautaketa-prozesu bat gainditzea, esaterako:
    • Oposizioa. Hautagaien ahalmena eta gaitasuna baloratzera bideratutako proba bat edo gehiago egitean datza. Behin oposizioko fase guztiak gainditutakoan, lortutako puntuen arabera ordenatzen dira hautagaiak.
    • Lehiaketa. Aurrez finkatutako baremazioan oinarritutako merituen arabera sailkatzen dira lanposturako hautagaiak.
    • Oposizio-lehiaketa. Aurreko bi aukeren konbinazioa da.
  • Lan poltsa irekitzen denean, bertan izena ematea.

Zer langile-mota daude Administrazioaren zerbitzupean?

Justizia Administrazioan lau motatako langileak daude:

Funtzionarioak

Karrerako funtzionarioen ezaugarri nagusia da Administrazio Zuzenbideko arauek zuzentzen duten lan-erregulazio propioa dutela. Administrazioko langileak dira eta izaera iraunkorreko eginkizunak dituzte. Funtzionarioak bi kidegotan banatzen dira: Kidego Orokorrak, batetik, administrazio-lanak egiten dituztenak, eta Kidego Bereziak, bestetik, jakineko karrera edo lanbide bati dagozkion funtzioak betetzen dituztenak. Pertsonal-mota hori hautatzeko, oro har, oposizio-sistema edo oposizio-lehiaketa erabiltzen da eta, noizbehinka, baita lehiaketa ere.

Bitarteko langileak

Honako zirkunstantzia hauetakoren bat izaten denean karrerako funtzionarioen lanpostuak estaltzeko kontratatzen diren langileak dira:

  • Lanpostu hutsak betetzeko premia izan eta karrerako funtzionarioekin bete ezin direnean.
  • Lanpostua aldi baterako estali behar denean
  • Aldi baterako programak edo urgentziazko egoerak estali behar direnean.
  • Plaza eta destinoa gordetzeko eskubidea duen karrerako funtzionario baten lanpostua betetzeko premia izaten denean.

Gaur egun, bitarteko langileak hautatzeko, oposizioren bateko probaren bat gainditu arren, prozesu osoa gainditu ez duten edo, oposizioa gaindituta ere, plaza lortu ez duten hautagaiekin sortzen diren lan poltsak erabiltzen dira.

Aldi baterako langileak

Konfiantzazko edo aholkularitzako lanak egiteko askatasunez izendatutako langile ez-iraunkorrak dira. Lanpostu horiek Administrazio Zuzenbideak arautzen ditu eta funtzio horiek betetzea ezin da hartu funtzionario-lanpostu bat lortzeko edo barne-sustapenerako meritu gisa. Aldi baterako langileak hautatzeko lan poltsak erabiltzen dira.

Lan-kontratuko langileak

Lan Zuzenbideko arauei atxikita dauden eta Administrazioarekin lan-kontratua duten langileak dira. Oro har, lanpostu ez-iraunkorrak, izaera instrumentalekoak, eta lanbideekin zerikusia dutenak edo ezagutza teknikoak behar dituztenak betetzen dituzte. Lan-kontratuko langileak hautatzeko oposizio-lehiaketaren sistema erabiltzen da gehienetan.

Zein dira Kidego bakoitzean sartzeko gutxieneko baldintza akademikoak?

Ondoren, transferitutako langileei dagokien Justizia Administrazioaren zerbitzupeko kidegoen aipamena egingo da, hau da, Estatuak autonomia-administrazioari baliabide pertsonalak eta materialak transferitu ondoren Eusko Jaurlaritzak kudeatzen dituen lanpostuena. Transferitu gabeko langileen (epaileen, Justizia Administrazioaren letraduen eta fiskalen) lanpostuen hornidura Justizia Ministerioaren mende dago zuzenean.

Deialdi bakoitzean daude zehaztuta LEP gainditzeko behar diren tituluak. Kidego bakoitzaren barruan bete beharreko funtzioen arabera eskakizun akademiko espezifikoak dituzten eskalak daude.

Laguntza Judiziala

DBHko graduatu titulua edo baliokidea.

Izapidetze Prozesal eta Administratiboa

Batxiler titulua edo baliokidea.

Kudeaketa Prozesal eta Administratiboa

Unibertsitateko diplomadun, ingeniari tekniko nahiz arkitekto teknikoaren titulua edo baliokidea.

Auzitegiko Medikuntza
  • Auzitegiko medikua: Medikuntzako lizentziadun titulua.
  • Toxikologia eta Zientzia Forentseen Institutu Nazionaleko Laborategiko laguntzailea: Lanbide Heziketako teknikari titulua, kimika eta osasuneko lanbide-familietan, edo bigarren mailako Lanbide Heziketakoa, kimika eta osasuneko lanbide-familietan.
  • Toxikologia eta Zientzia Forentseen Institutu Nazionaleko fakultatiboa: Honako titulu hauetakoren bat izatea:
    • Biologia:: Biologian, Farmazian, Albaitaritzan, Medikuntzan edo Biokimikan lizentziaduna.
    • Kriminalistika: Biologian, Farmazian, Medikuntzan edo Kimikan lizentziaduna.
    • Histopatologia:: Medikuntzan lizentziaduna.
    • Kimika eta Drogak: Kimikan edo Farmazian lizentziaduna.
    • Toxikologia eta Ingurumeneko balorazioa: Ingurumen Zientzietan, Biologian, Farmazian edo Kimikan lizentziaduna.
    • Informazio toxikologikoa: Medikuntzan lizentziaduna.
Toxikologia eta Zientzia Forentseen Institutu Nazionaleko Laborategiko teknikari espezialista

Lanbide Heziketako goi-mailako teknikari titulua, kimika eta osasuneko lanbide-familietan, edo bigarren mailako Lanbide Heziketakoa, kimika eta osasuneko lanbide-familietan.

Noiz deitzen dira Lan Eskaintza Publikoak?

Autonomia-erkidegoek Justizia Ministerioari jakinarazi behar dizkiete langile-premiak eta hura arduratuko da urtero Lan Eskaintza Publiko bakarra egiteaz. LEP Herri Administrazioen Ministerioaren aurrean aurkeztu behar da ondoren eta gero Gobernura eraman. Behin Gobernuak LEP onartzen duenean, Justizia Ministerioak hautaketa-prozesuen deialdia egingo du.

Zein dira LEP bateko faseak?

Oposizioak prozesu luzeak dira, deialdia argitaratzen den unetik kargua hartzen den unera arte hainbat urtez luza daitezkeenak. Oposizioak, oro har, honako fase hauetan banatzen dira:

  1. Lan Eskaintza Publikoaren onarpena.
  2. Hautapen-prozesuaren deialdia
  3. Eskaeren aurkezpena.
  4. Onartutakoen eta kanporatutakoen behin-behineko zerrendak, erreklamazioen aurkezpena eta onartutakoen eta kanporatutakoen behin betiko zerrendak.
  5. Azterketen data eta lekuen argitalpena.
  6. Azterketak egitea, txantiloi zuzentzaileen eta onartutakoen behin-behineko zerrenden argitalpena, erreklamazioen aurkezpena eta onartutakoen behin betiko zerrenden argitalpena.
  7. Oposizio-fasea gainditu duten hautagaien zerrendaren argitalpena eta merituak aurkezteko epearen irekiera (oposizio-lehiaketen kasuan).
  8. Merituen balorazioaren argitalpena (oposizio-lehiaketen kasuan).
  9. Onartutakoen behin betiko zerrenda, hizkuntzaren eta Foru Zuzenbidearen probak barne.
  10. Oposizioaren amaiera.

Gora itzuli

Lekualdatze-lehiaketa eta zerbitzu-eginkizunak

Lekualdatze Lehiaketa lanpostu-hornidurarako prozesua da eta aurreko destinoan bi urte egin ondoren lanpostuz aldatu nahi duten karrerako funtzionarioei soilik dago zuzendua.

Lan eta Justizia Sailak urtero deitzen ditu lekualdatze-lehiaketak Kidego jakin batzuetako funtzionarioen artean, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Administrazioan hutsik dauden plazak betetzeko helburuarekin.

Organo horietan lanpostu batzuk libre egoten dira eta Lan eta Justizia Sailak uste du zerbitzuaren premiei aurre egin ahal izateko betetzea komeni dela.

Lanpostu hutsak Zerbitzu-eginkizunen bitartez aldi baterako hornitzea karrerako funtzionarioei nahiz bitarteko funtzionarioei zuzendua dago.

Urgentziagatik edo premiagatik, Lana eta Justizia Sailak bitarteko funtzionarioak izenda ditzake Justizia Administrazioaren zerbitzurako. Karrerako funtzionarioek ezin duten bitartean edo haiek izendatzeko arrazoiek irauten duten bitartean beteko dituzte euren funtzioak bitarteko funtzionarioek.

Azpimarratu beharra dago prozesuaren arrazoia zerbitzuko premia larriei aurre egiteko lanpostu hutsak hornitzea dela.

Zerbitzu-eginkizunen bitartez eskaintzen diren lanpostuak, oro har, erretiroetatik, organo sortu berrietatik, borondatezko eszedentzietatik, etenaldietatik eta abarretik sortutakoak izaten dira. Eta lanpostu horiek betetzen dituzten pertsonak, oro har, lan-poltsatik hautatzen dira.

Ordezkapenak ere prozesu horren bitartez egiten dira. Ordezkapenen kasuan, titularra lizentzia edo baimenen baten ondorioz falta delako eskaintzen dira lanpostuak, zerbitzuaren urgentziazko egoera eta premiak kontuan hartuta.

Erregulazioa

Lanpostu-hornidurako bi prozesuak Botere Judizialaren 1985eko Lege Organikoa aldatzen duen abenduaren 23ko 19/2003 Lege Organikoko (pdf, 400 KB) VIII. Tituluan eta Justizia Administrazioaren zerbitzuko funtzionarioen Sarrerari, Lanpostu Hornidurari eta Lanbide Sustapenari buruzko abenduaren 7ko 1451/2005 EDan (pdf, 706 KB) daude araututa.

Gora itzuli