Eduki nagusira joan

Justizia Administrazioa Euskadin

Justizia Administrazioa Euskadin - Administración de Justicia en Euskadi
Hemen zaude: Zerbitzuak eta izapideak > Babes-agindua

Babes-agindua

  • Aurrez aurre izapidetu

Ohiko galderak

Babes-agindua Epaile batek ematen duen autoa da. Auto horren bidez, babes- eta segurtasun-neurriak hartzen dira, zibilak eta zigor-arlokoak, etxeko indarkeriaren eta/edo genero-indarkeriaren biktima diren pertsonak babesteko.

Ze neurri lor ditzakezu

Egitateen larritasunaren arabera, Guardiako Epaileak kautelazko neurri hauek har ditzake:

Zigor-arloko kautelazko neurriak

  • Behin-behineko espetxealdia.
  • Hurbiltzeko debekua.
  • Bizileku-debekua.
  • Komunikatzeko debekua.
  • Armak kentzea.
  • Beste batzuk.

Arlo zibileko kautelazko neurriak

  • Familiaren etxebizitza erabiltzeko eta gozatzeko arauak zehaztu.
  • Seme-alabak zaintzeko, bisitatzeko, haiekin komunikatzeko eta egoteko araubidea zehaztea.
  • Mantenua emateko araubidea.
  • Bestelako neurriak.

Biktimak edo bere legezko ordezkariak eskatuko ditu izaera zibileko kautelazko neurriak. Neurriak behin-behinekoak izango dira eta 30 eguneko epean Zibileko Epaile batek berretsi, aldatu edo baliogabetu beharko ditu.

Nork egin dezake

Etxeko indarkeria pairatzen duen edozeinek, edo biktimarekin ondorengo ahaidetasun-harremanetako bat duen edozein pertsonak: ezkontidea, bikotekidea, seme-alaba propioak edo ezkontidearen edo bikotekidearen seme-alabak, edo biktimaren beraren edo ezkontide edo bikotekidearen ahala, tutoretza, kuradoretza, harrera edo zaintzaren mende dagoen edozein senide.

Biktimaren legezko ordezkariak ere eska dezake babes-agindua.

Aurkezteko epea

Ez dago babes-agindua eskatzeko epe zehatzik.

Non aurkeztu

Babes-agindua edozein polizia-etxetan, ertzain-etxetan, Guardia Zibilaren postutan edo Udaltzaingotan eska dezakezu, baita Biktimei Laguntzeko Zerbitzuetan, Epaitegian edo Fiskaltzan, gizarte-zerbitzuetan edo laguntza- erakundeetan, eta Abokatuen Elkargoetako Orientazio Juridikoko Zerbitzuetan ere bai.

Epaileak berak ere ezar dezake babes-agindua jartzea, ofizioz edo Fiskaltzak eskatuta.

Kontsulta ezazu EAEko Biktimei Laguntzeko Zerbitzuen direktorioa.

Nola erantzuten dizugu

Babes-agindua eskatzeko inprimakia bete ondoren, kopia bat emango dizugu eta, ondoren, beste kopia bat Guardiako Epaitegira edo Emakumearen aurkako Indarkeriaren arloko Epaitegira helaraziko dugu. Han, zera egingo da:

  • Egitateak faltatzat jotzen badira, berehala falta-judizioa egingo da eta, horren bitartez, babes-aginduaren gaineko erabakia hartu ahal izango da.
  • Egitateak delitutzat hartzen badira, Epaileak entzunaldia deitu ahalko du, babes-aginduari buruz erabakitzeko, eta biktima, inputatua eta deitu beharreko gainerako pertsonak deituko ditu. Une horretan, Epaileak beharrezko neurriak hartuko ditu biktimak eta erasotzaileak aurrez aurre topo egin ez dezaten. Beharrezkoa bada, entzunaldi hori gertatzen den aldi berean judizio azkarra ere egin daiteke.

Edozein kasutan, entzunaldia eskaria aurkeztu eta 72 orduko epean egingo da, gehienez ere.

Epaileak erabakia hartutakoan, babes-aginduaren berri emango die fiskalari, inputatuari, biktimari eta administrazio publikoei, eta horiek babes-neurri egokiak hartu beharko dituzte.

Babes-agindupean dagoen biktima izanik, inputatuaren egoera prozesalaren berri izango duzu beti, baita hartutako kautelazko neurrien irismenaren eta indarraldiaren berri ere. Batez ere, erasotzailearen espetxe-egoerari buruzko informazioa izango duzu beti.

Izapidetu bitartean

Gizarte-neurriak: babes-aginduak gizarte-laguntza jasotzeko aukera ematen dizu, Legeak eskatutako baldintzak betetzen badira. Biktima gisa, ondoko laguntzak jaso ditzakezu:

  • Gizarteratzeko errenta aktiboa.
  • Gizarte-laguntza: Harrera-etxea, eguneko zentroa, tutoretzapeko etxebizitzak...
  • Doako laguntza juridikoa eta espezializatua.
  • Doako laguntza psikologikoa.
  • Biktimak eskaera egin duen lurraldean aplika daitezkeen legeek eta autonomia-mailako arauek aurreikusten duten beste edozein laguntza.

Polizia judizialaren atestatua: kasu gehienetan, biktimak babes-agindua polizia judizialean eskatzen du. Horrek egitateak egiaztatzen dituen atestatua egingo du eta ondoren Epaileak erabakiak hartzeko erabiliko dituen ikerketak abiarazten ditu. Jarduera horrek izapidea arintzen du eta Guardiako Epaileari babes-agindua argudiatzeko eta epaiketa azkarrak egiteko tresna gehiago izateko aukera ematen dio.

Izapidearen kostua

Doako izapidea.

Informazio osagarria

Babes-agindu bat pertsona bakoitzeko: biktima bakoitzari babes-agindu bakarra ezar dakioke; aginduaren edukia egoeraren arabera aldatu ahal izango da.

Babes-agindua ez betetzea: erasotzaileak babes-aginduan jasotako neurriren bat urratuz gero, atxilotzeko aukera egongo da.

Erregistro Zentrala: erregistro Zentrala etxeko indarkeriaren biktimak babesteko beste tresna bat da. Delitu edo faltak aztertzen diren epaietan ezarritako segurtasun-neurri eta zigorrei buruzko informazioa jasotzen du, baita zigor-prozeduretan adostutako kautelazko neurriak eta babes-aginduak ere.

Etxeko indarkeriaren biktimak babesteko agindua ezartzeko protokoloa (pdf, 361 KB)

Etxeko indarkeriaren eta genero-indarkeriaren biktimak babesteko segurtasuneko indarren eta kidegoen jarduerarako eta organo judizialekiko koordinaziorako protokoloa (pdf, 483 KB)