| Guraso eta seme-alaben arteko harremanen gida |
 |
 |
1. Guraso-agintea
Zer da?
- Gurasoek seme-alaben gainean dituzten ahalmen eta betebeharren multzoa
da, jaiotzen direnetik adin-nagusitasunera iritsi arte (18 urterekin)
edo emantzipatu arte (16 urterekin).
- Gurasoek seme-alaben mesederako eta beren nortasunari jarraiki beteko
dute guraso-agintea.
Guraso-agintearen titularrak
- Aita eta ama.
- Normalean biak dira bion seme-alaben gaineko aginte horren jabe.
- Zenbait kasutan aitak edo amak soilik bete ahal izango du (aitaren
edo amaren heriotzagatik, Epaileak epai judizial batean hala erabaki
duelako eta abar).
Adibideak
- Ezkondutako bikote baten edo bizitza egonkorra duen izatezko bikote
baten kasuan, aitak eta amak elkarrekin beteko dute bion seme-alaben
gaineko guraso-agintea.
- Bananduta edo dibortziatuta dagoen bikote baten kasuan, oro har,
seme-alaben gaineko guraso-agintea aitak eta amak elkarrekin beteko
dute seme-alaben mesederako bada, edota seme edo alabarekin bizi den
aitak edo amak bakarrik bete ahal izango du (aitak eta amak elkarren
arteko adostasunez erabakitakoaren arabera edo epai judizial baten bidez).
- Gurasoak ezkonduta ez badaude eta bizitza egonkorrik ez badute, seme-alaben
gaineko guraso-agintea aitak eta amak elkarrekin beteko dute seme-alaben
mesederako bada, edota seme edo alabarekin bizi den aitak edo amak bakarrik
bete ahal izango du.
Guraso-aginteak gurasoengan sortutako betebeharrak
Legeak ondokoak adierazten ditu:
- Seme-alabak zaintzea: arretak zuzentasunez eta maitasunez ematea.
- Ahal den guztietan, seme-alabekin egotea (gurasoak elkarrekin
bizi ez direnean edo bananduta daudenean, semea edo alaba aitarekin
edo amarekin biziko da gehienetan).
- Seme-alabak elikatzea (etxebizitza, elikadura, arropa, heziketa
eta abar), hau da, seme-alaben gastu guztiak ordaintzea.
- Seme-alabei heziketa integrala ematea.
- Adin-txikiko seme-alaben jabetzako ondasunak arduraz administratzea.
Kasu jakin batzuetan, gurasoek epailearen baimena beharko dute.
- Gurasoek guraso-aginteari lotutako seme-alaben legezko ordezkaritza
dute auzitegien eta hirugarrenen aurrean.
- Poliziak eta/edo Epaileak deitu ahal izango dizute salatu dituzun
gertaeren azterketan eta balizko egilea ezagutzen laguntzeko.
Guraso-aginteak seme-alabengan sortutako betebeharrak gurasoei dagokienez:
- Seme edo alabaren eguneroko bizitzan, prestakuntzan, osasun-arloan
eta abar gurasoak errespetatzea eta beren esanak betetzea.
- Gurasoen aginduak bidezkoak izango dira eta ez diote seme edo alabaren
segurtasunari edo duintasunari eraso egingo.
Guraso-agintea kentzea
- Gurasoek guraso-agintea behar bezala erabiltzen ez badute eta guraso-aginteak
dakartzan betebeharrak betetzen ez badituzte, aginte hori kendu ahal
izango zaie Epailearen ebazpen bidez.
- Guraso-agintea behin betiko (seme edo alabaren kontrako delitu
baten kasuan adibidez) edo aldi baterako (seme-alabak behar bezala
zaintzeko aldi baterako ezintasunaren ondoriozko gabetzearen kasuan
adibidez) kendu ahal izango da.
- Gurasoei guraso-agintea kentzen zaienean, semea edo alaba Administrazioaren
babes-zentro baten tutoretzapean geratzen da. Halaber, semea edo alaba
familia batek har dezake aldi baterako.
- Guraso-agintea aldi baterako kentzen den kasuetan, gurasoei aginte
hori behar bezala betetzea eragozten zieten zirkunstantziak desagertzen
direnean Epaileak guraso-agintearen aldi baterako kentzea baliogabetu
ahal izango du.
Adibideak
- Miren eta Aitor adin-txikiko seme baten gurasoak dira. Aitor hiltzean
hainbat higiezinen jabetza jaso du jaraunspenean semeak. Mirenek aloka
al ditzake higiezin horiek semearen ikasketak ordaintzeko dirua lortzeko?
Bai, adin-txikikoa den eta, beraz, bere guraso-aginteari lotuta dagoen
seme baten ama den heinean semearen ondasunen administrazioa bere kargura
baitu semea adin-nagusitasunera iritsi arte. Mirenek eragiketa-mota
oro egin ahal izango ditu semearen ondasunekin, betiere honen mesederako
badira. Mirenek kontuak eman beharko dizkio semeari adin-nagusitasunera
iristean. Hala ere, zenbait eragiketetan (saltzea, hipotekatzea eta
abar) gurasoek Baimen Judiziala beharko dute.
Guraso-agintea duen aitaren edo amaren eta emantzipatu gabe dagoen semearen
edo alabaren artean interes-gatazkarik sortuz gero, Epaileak Defendatzaile
Judizial bat izendatuko dio semeari edo alabari epaiketan eta epaiketaz
kanpo ordezkatzeko.
(Adibidea: aita eta semea sozietate bateko partaideak dira eta aitak
semearen kapitalean eragina izan dezakeen eragiketa bat egin nahi du).
Guraso-agintearen iraungipena
Guraso-agintea ondoko arrazoiengatik amaitzen da:
- Gurasoen edo seme edo alabaren heriotzagatik.
- Seme edo alabaren emantzipazioagatik (16 urtetik aurrera lor dezake).
- Seme edo alabaren adopzioagatik.
2. Seme-alabatasuna
Zer da?
- Seme-alabatasunak aitaren, amaren eta seme edo alabaren arteko lotura
biologikoaren ondorioz sortzen diren eskubide eta betebeharren multzoa
hartzen du aintzat (Erregistro Zibilean inskribatzearen bitartez legez
zehaztu ondoren).
- Halaber, seme edo alabaren adopzio bidezko seme-alabatasuna dago.
Seme-alabatasun hau Erregistro Zibilean inskribatu behar da erabat eraginkorra
izan dadin.
Seme-alabatasunaren legezko ondorioak
- Haurra seme edo alabatzat hartu duen aitaren eta/edo amaren abizenak
finkatzen ditu.
- Gurasoen eta seme-alaben arteko senidetasun-lotura (lehen mailako
aurrekoak eta ondorengoak).
- Semeak edo alabak gurasoengandik elikagaiak jasotzeko
eskubidea (janaria, arropa, etxebizitza, heziketa eta osasun-laguntza).
- Elkarrekiko ondorengotza-eskubideak (semea edo alaba gurasoen nahitaezko
jaraunslea da).
- Aitak ezin du semea edo alaba desjarauntsi, oso kasu larrietan
izan ezik (aitaren kontrako delitu bat egitean adibidez).
Nola frogatzen da seme-alabatasuna?
a) Erregistro Zibileko inskripzioaren bidez.
b) Seme-alabatasuna erreklamatzeko edo seme-alabatasunaren kontra
egiteko prozedura zibil batean emandako behin betiko epaiaren bidez.
c) Agerizko edukitzaren bidez, hau da, gizarteak pertsona bat guraso
jakin batzuen semea edo alaba dela sinesten duenean (legezko euskarririk
ez bada ere).
Adibidez:
Amaiaren familian eta haren gizarte-ingurunean, Kepa Garciaren alaba dela
uste dute denek. Erregistro Zibilean berriz, ez da Kepa Garciaren alaba
gisa agertzen. Nola egiazta dezake Amaiak haren alaba dela?
- Bere ustezko aitaren Kepa Garcia jaunaren abizena erabili
ohi duela frogatuta.
- Kepa Garciak Amaia jaio zenetik alaba gisako tratua eman diola frogatuta.
- Mundu guztiak (familiak, lagunek, bizilagunek eta abarrek) Amaia Kepa
Garcia jaunaren alabatzat hartzen duela frogatuta.
Seme-alabatasun motak
A) EZKONTZAKOA: seme-alabak elkarrekin ezkondutako pertsona
batzuenak dira.
B) EZKONTZAZ KANPOKOA: seme-alabak ezkondu gabe dauden pertsona batzuenak
dira.
A) EZKONTZAKO SEME-ALABATASUNA
Zer da?
- Elkarrekin ezkondutako aitaren eta amaren seme-alaba guztiak barne
hartzen ditu.
- Semeak edo alabak aitaren eta amaren abizenak hartzen ditu. Aitatasun-presuntzioa
- Ezkontideak elkarrekin ezkonduta dauden bitartean jaiotzen diren
seme-alabak senarrarenak direla adierazten du.
- Presuntzio honek onartzen du kontrako frogarik. Horrela, senarrak
bere emaztearen semea edo alaba berea ez delako arrazoizko susmorik
badu, aitatasunaren aurka egin ahal izango du judizialki, frogatu ahal
izateko.
- Aitatasun-presuntzioa banantze judizialaren (izatezkoaren edo dibor-tzioaren)
hurrengo 300 egunetan amaitzen da, bikotekideen arteko bizikidetza amaitutakoan
elkarren arteko sexu-harremanak ere amaitu direla suposatzen baita.
B) EZKONTZAZ KANPOKO SEME-ALABATASUNA
Zer da?
- Semea edo alaba elkarrekin ezkonduta ez dauden bi pertsonen arteko
sexu-harremanaren emaitza denean sortzen dena da.
- Semeak edo alabak aitaren eta amaren abizenak izateko, hauek seme
edo alabatzat hartu behar dute (Erregistro Zibilean inskribatuta). Hala
ez bada, semeak edo alabak amaren abizenak besterik ez ditu izango.
Aitatasunaren aitorpena Aitak seme edo alaba baten aitatasuna
aitortzeko egiten duen alde bakarreko borondateko deklarazioa da.
Aitatasunaren aitorpena horrela egin daiteke:
- Erregistro Zibileko arduradunaren aurrean.
- Testamentuan.
- Notario aurrean egindako eskritura publiko batean. Deklarazio ezeztaezina
da, hau da, aitak seme edo alabarekiko aitatasuna aitortzen duenean
ez du atzera egiterik. Hala ere, aitorpenean akatsen bat izan bada,
aita aitatasun horren aurkako ekintzaz baliatu ahal izango da.
Aitatasunaren aitorpena semea edo alaba adinez nagusia denean gertatzen
bada, aitorpen hori baliozkoa izateko beharrezkoa da seme edo alabaren
berariazko edo adierazi gabeko baimena (bestela ez du baliorik izango).
Adibidea:
- Ba al da ezberdintasunik ezkontzako, ezkontzaz kanpoko eta adopzio
bidezko seme-alaben artean?
Ez dago inolako ezberdintasunik. Seme-alaba guztiek eskubide berberak
dituzte (abizenei, elikagaiei, ondorengotzari eta abarri dagokienez),
seme-alabatasun mota edozein izanik ere.
Aitatasuna erreklamatzeko ekintza
- Auzitegien aurrean egin beharreko ekintza honen helburua aita baten
seme edo alabarekiko aitatasuna finkatzea da.
- Semeak edo alabak bizitza osoan egin dezake ekintza hori baina, adin-txikikoa
den bitartean, bere legezko ordezkariak (amak) edo Ministerio Fiskalak
egin beharko du.
- Ekintza horretarako abokatua eta prokuradorea behar dira.
- Demanda auzitegien aurrean onartzeko, semea edo alaba sortu zeneko
garaian amak eta ustezko aitak sexu-harremanak izan zituztela egiazta
dezakeen froga-arrasto bat gaineratu behar zaio (argazkiak,
lekukoak, gutunak eta abar).
Aitatasunaren frogak
- Froga-mota oro egin daiteke, biologikoak barne (ustezko aitaren eta
seme edo alabaren odol-ateratzea bien ADNa konparatzeko). Froga biologiko
honen errore-indizea oso txikia da.
- Amatasunak ez dakar horrelako arazorik, erditzean frogatzen baita.
- Ustezko aita ez dago behartuta froga biologikoa egitera. Aitak froga
biologikoa egiteari uko egitea ez da eragozpena izango Epaileak aitatasuna
ezartzeko, betiere amaren eta ustezko aitaren arteko sexu-harremanei
buruzko bestelako froga edo arrastorik badago (gutunak, argazkiak, lekukoak
eta abar).
Auzitegi Konstituzionalaren arabera, froga biologiko hauek egiteari
uko egitea aitatasuna onartzearen parekoa da; izan ere, aitatasuna finkatzeko
metodorik fidagarrienetako bat da.
3. Tutoretza eta tutorearen irudia
Zer da tutoretza?
Tutore bat izendatzearen bidez ondoko kasuetan barne hartutako pertsonak
legez babesteko eta ordezkatzeko helburua duen erakundea da Tutoretza:
- Guraso-agintearen mende ez dauden emantzipatu gabeko adin-txikikoak
(gurasoak hilda dituen adin-txikikoa adibidez).
- Ezindu deklaratu diren adinez nagusiak.
- Guraso-agintea luzatua duten adinez nagusiak (18 urtera iritsi denean
guraso-agintea luzatu dioten minusbaliatu psikiko bat adibidez).
- Babesgabetasun-egoeran dauden adin-txikikoak.
Pertsona hauei tutore bat izendatuko zaie
Tutore izateko baldintzak
- Beren eskubide zibilen erabilera osoa duten pertsona fisiko guztiak
izan daitezke tutore, betiere legeak berariaz debekatzen dituen
zirkunstantzi-etan ez badaude (adin-txikikoarekiko edo ezinduarekiko
ezinikusi nabarmenaren kasuan adibidez elkarren arteko harreman
txarrak eta abar).
- Pertsona fisikoez gain, irabazizko xederik gabeko pertsona juridikoak
eta babesgabetasun-egoeran dauden adin-txikikoen babesaz arduratzen
diren erakunde publikoak ere tutore izan daitezke (Aldundia,
legez eratutako eta erregistratutako irabazizko xederik gabeko elkarte
bat eta abar).
Tutorearen ordainsaria
Legeak kontuan hartzen duenez, tutoreak ordainsari bat jasoko du kargua
betetzeak denbora eta lan ardura berezia eskatzen duenean (tutoretzapekoaren
egoera ekonomikoaren arabera).
Tutorearen betebeharrak
Tutoreak ondoko betebeharrak ditu:
a) Tutoretzapekoa zaintzea: elikadura, arropa, heziketa eta prestakuntza
integrala.
b)Tutoretzapekoa ordezkatzea Tutorea tutoretzapekoaren legezko
ordezkaria da.
c) Tutoretzapekoaren ondarea administratzea: Tutorea behartuta
dago tutore-tzapekoaren ondasunak ardura eta arreta handienarekin administratzera.
Ezohiko administrazio-egintzetan (saltzea, alokatzea, hipotekatzea, jaraunspen
bat jasotzea eta abar), tutoreak baimen judiziala behar du.
Tutoretzaren iraungipena
Tutoretza ezin da mugagabea izan. Amaiera dakarten kasuak ondokoak dira:
- Tutoretzapekoaren adopzioa.
- Tutoretzapekoaren ezgaitasuna eragin zuten zirkunstantzien desagerpena
deklaratzen duen epai judiziala.
- Tutoretzapekoa adin-nagusitasunera iristea (tutoretza adin-txikikotasunaren
ondorioz sortzen denean).
- Tutoretzapekoaren heriotza.
- Tutorearen heriotza.
Tutoretza eratzeko prozedura
- Tutoretza epailearen erabakiz eratzen da (eskumena duen epailea
tutoretzapekoaren bizilekuari dagokion Lehen Auzialdiko Epailea da).
- Epaileak legeak adierazitako lehentasun-ordenari jarraiki izendatzen
du tutorea senide jakin batzuen artean.
- Seniderik izan ezean, Epaileak, tutoretzapekoarekin lotura bat
dutenen artean, kargua tutoretzapekoaren mesederako betetzeko
pertsona egokia izendatzen du.
- Epaileak, tutorea izendatu aurretik, senide hurbilenei, ardin-txikikoarekin
edo ezinduarekin lotura bat duten pertsona guztiei eta zentzu nahikoa
duten (egoeraren garrantzia uler dezaketen) tutoretzapekoei entzungo
die. Epaileak 12 urtetik gorako tutoretzapekoei entzun behar die.
- Tutoretzaren erabilera Epailearen eta Fiskalaren zaintza eta
kontrolari atxikita egongo da.
- Tutore-kargua borondatezkoa da.
Tutela adibideak
- Amaiaren adin-txikiko alabak autonomiaz moldatzeko ezgaitzen duen
minusbaliotasun psikiko bat du. Amaiak testamentua egitea eta bere ahizpa
Maite alabaren tutore izendatzea pentsatu du (hiltzen denerako, halakorik
gertatuz gero). Egin al dezake?
Bai, egin dezake, legeak aurreikusten du tutorea testamentu bidez izendatzeko
aukera. Hala ere, Epaileak onartu beharko du, betiere Maitek izendapena
borondatez onartzen badu.
Maitek tutore-kargua ilobarentzako berme guztiekin betetzerik ez badu
(adinagatik, baliabide ekonomikorik ez izateagatik edo zentzuzko beste
arrazoi batengatik), Epailearen aurrean desenkusatzeko aukera izango
du eta honek tutore-karguaren betebeharrak zuzen betetzeko moduan dagoen
beste pertsona bat izendatu beharko du.
- Maria adin-txikikoa da eta gurasoek Bizkaiko Aldundiko adin-txikikoen
babeserako zentro batean utzi zuten abandonatuta. Zeinek betetzen du
tutore-funtzioa Maria adin-nagusitasunera iritsi arte?
Aldundiak, adin-txikikoaren babesaz arduratzen den erakundea denez gero,
Mariaren tutore-funtzioak beteko ditu adin-nagusitasunera iritsi arte.
Nolanahi ere, ebazpen judizial bidez erabakiko da.
- Miren Itziarren tutorea da eta, haren ustez, Itziarren ondareari
errentagarritasun handiagoa ateratzeko komenigarria izango litzateke
Itziarren jabetzakoa den etxebizitza bat saltzea. Egin al dezake?
Mirenek bere tutoretzapekoaren jabetzako etxebizitza saldu ahal izateko,
Epailearen baimena beharko du eta, baimen hau emateko, Itziarrentzat
salmenta ekonomikoki onuragarria dela frogatu beharko da, bere ondarea
arriskuan jarri gabe.
4. Ezgaitzea
I. Zer dira ezgaitasuna eta ezgaitzea?
Pertsona bat gaixotasun edo urritasun fisiko edo psikiko iraunkor bat
izatearen ondorioz bere kabuz moldatu ezinik dagoenean bizi duen egoera
da.
Egoera horrek legezko onarpena izateko, pertsona hori judizialki «ezgaitzat»
deklaratu behar dute, eta hori, ezgaituaren bizilekuko Lehen Auzialdiko
Epaileari dagokio.
II. Ezgaitzeko prozedura
- Pertsona baten ezgaitzea ondoko hauek eska dezakete:
a) Senide jakin batzuek:
- Ezkontideak.
- Ondorengoek (seme-alabek eta bilobek).
- Aurrekoek (gurasoek eta aiton-amonek).
- Anai-arrebek.
b) Aipatutako seniderik ez badago, Ministerio Fiskalak eska
dezake, edozein pertsonak ezgaitzearen arrazoien berri ematen dionean.
- Eskaera idatziz egin behar zaio Lehen Auzialdiko Epaileari
(Familia Arloko Epaitegiak dituzten hiriburuetan, azken horiek arduratzen
dira gai hauek bideratzeaz), ezgaitzearen arrazoiak azalduz (gaixotasun
fisiko edo psikikoak), eta Epaileari pertsona jakin hori ezgaitutzat
deklara dezala eskatuz.
- Eskaera hori, izendapen partikularreko edo ofizioko Abokatu batek
idazten du, edo bestela Fiskalak berak abiarazten du prozedura.
- Fiskalak kasu guztietan esku hartzen du.
- Epaileak, epaia eman aurretik:
- Ustezko ezgaiaren senide hurbilenei entzuten die.
- Ustezko ezgaia pertsonalki aztertzen du.
- Ustezko ezgaia aztertu duen medikuaren edo mediku-taldearen
irizpena entzuten du (auzitegiko medikuarena barne).
- Prozedura hori Fiskalak abiarazi duenean, ustezko ezgaia izendapen
partikularreko edo ofiziozko abokatu baten kargurako defendatzaile
batek defendatuko du, eta prozedura hori ustezko ezgaiaren senideek
abiarazi dutenean, Fiskala bera arduratuko da hura defendatzeaz.
- Prozedura amaitzen denean, Epaileak epaia ematen du pertsona
hori ezgaitzat deklaratuz eta ezgaitasunaren hedadura eta mugak
espreski adieraziz (erabatekoa den, partziala den, soilik ondasunak
administratzeko, eta abar), eta ezgaitua zer tutoretza edo
zaintzaren menpe geratzen den erabakiz.
- Epai irmoa Erregistro Zibilean inskribitzen da.
Kontuan hartu behar da:
- Printzipioz, pertsona ororentzat gaitasun-presuntzioa
existi-tzen dela, hau da, pertsona oro gaitzat ematen dela aurkako frogak
aurkeztu arte.
- Ezin da inor ezgaitzat deklaratua izan, legez ezarritako kausetan
oinarrituz emandako epai judizial bat ez badago.
Adibidea:
- Pertsona baten ezgaitasuna deklaratzen duen epai bat eman ondoren,
ba al dago ebazpen hori etorkizunean aldatzeko aukerarik?
Bai. Kasu horretan, ezgaitasuna deklaratu zuen Lehen Auzialdiko Epaileari
egoera berrira egokitzen den deklarazioa eman dezala eskatu beharko
zai
Buru-osasunerako zentro batean sartzea
- Bere kabuz erabakitzea eragozten dion gaixotasun edo nahaste psikiko
bat duen pertsona bat Buru Osasunerako Zentro batean sartzeko, nahitaezkoa
da baimen judiziala lortzea. Baimen judizial hori, gaixorik dagoen
pertsona bizi deneko Lehen Auzialdiko Epailearen aurrean eskatu
beharko da.
- Epaileak baimena eman edo ukatuko du, pertsona hori aztertu eta Auzitegiko
Medikuaren irizpena entzun ondoren. Epaileak Fiskalari eskaeraren
berri ematen dio.
- Zentroan sartzeko baimena eman ondoren, Epaileak aldizka (gutxienez
6 hilero) gaixorik dagoen pertsonaren egoera kontrolatzen du, zentroan
jarraitzea komeni den ala ez erabakitzeko.
- Epaitegira bertaratzea eragozten duten presa eta larritasun handiko
kasuetan bakarrik (bere buruaz beste egiteko edo hirugarren pertsonen
biziari erasotzeko benetako arriskua, edo bere buruari edo hirugarrenei
kalte egiteko arriskua), legeak gaixorik dagoen pertsona buru osasunerako
zentro batean sartzea baimentzen du, baina epaileari 24 orduko epearen
barruan guztiaren berri eman behar zaio.
5. Defendatzaile Judiziala
Kontzeptua
Ondoren adierazitako egoeraren batean aurkitzen direnen interesak ordezkatu
eta defendatzen dituen pertsona da, eta ez du nahitaez zuzenbidean teknikaria
izan behar:
a) Adingabeen edo ezgaituen eta beren legezko ordezkarien artean
interes kontrajarriak daudenean (adibidez, tutorea berak tutoretzapean
duen pertsonaren jabetzako etxean bizi da, eta une jakin batean, etxearen
salmenta tutoretzapean dagoenarentzat ekonomikoki onuragarria den arren,
tutoreari ez zaio interesatzen etxea saltzea arrazoi pertsonal eta ekonomikoengatik).
b) Epaileak izendatutako tutorea aldi baterako ordezkatu behar
denean, ezin duelako kargu hori aldi baterako bete (gaixotasunagatik edo
beste arrazoiren batengatik). Kasu horretan, Epaileak Defendatzaile judizial
bat izendatzen du. Epaileak izendatzen du Epaileak izendatzen du Defendatzaile
judiziala, ondoko hauen eskariz:
- Fiskala.
- Adingabea bera.
- Erabateko ahalmen juridikoa duen edozein pertsona.
- Prozedura erraza da eta alderdiak ez daude bata bestearen aurka. Izendatutako
pertsonak ez du nahitaez ezagutza juridikorik izan behar.
Defendatzaile judizialaren betebeharrak
- Boluntarioa da. Nahi badu, uko egin eta desenkusa daiteke.
- Epaileak kasu zehatz bakoitzean ezartzen dizkionak (bera izendatzeko
egon diren arrazoien arabera).
- Amaitzen duenean, epaileari bere kudeaketaren berri eman behar dio.
Adibidea:
- Jon, adingabea izanik, umezurtz geratu da ama hil zaiolako, eta aitarekin
bizi da (ama zenaren senarra). Aita-semeek etxebizitza bat oinordetu
dute, eta aitak saldu egin nahi du semearekin beste herri batera bizitzera
joateko. Saldu al dezake etxebizitza Jonen aitak?
Aitak Lehen Auzialdiko Epaileari (edo, hala dagokionean, Familia Arloko
Epaileari) baimen judiziala eskatu behar dio etxebizitza saltzeko, bere
seme Jon adingabea delako.
Epaileak, gainera, Jonentzat defendatzaile judizial bat izendatuko du,
hildako emazte /amaren herentziaren ondorioz aitaren eta semearen artean
interes-gatazka sortzeko arriskua baldin badago.
- Epai Judizial batek Jon ezgaitu-tzat deklaratu zuen, eta etxebizitza
baten jabea da, bertan bere tutorearekin bizi delarik. Jonentzat etxebizitza
saltzea ekonomikoki onuragarria izango litzake, baina tutoreari ez zaio
interesa-tzen, ez duelako nora joan.
Kasu honetan, Jonen eta bere tutorearen artean interes kontrajarriak
daudenez gero, Epaileak Jonentzat Defendatzaile Judizial bat izendatuko
du.
6. Adopzioa
Zer da?
- Adoptatzen duen pertsonaren (adoptatzailea) eta pertsona adoptatuaren
artean lotura ezartzen duen egintza juridikoa da.
- Consecuencias para la persona adoptada
- Bere familia biologikoarekin zituen lotura juridikoak desagertzen
dira.
- Adoptatzailearen eta adoptatuaren arteko lotura juridikoak sortzen
dira, eta une horretatik aurrera, adoptatzaileen seme-alabatzat hartuko
da eragin guztietarako.
- Seme-alabak aitaordearen eta/edo amaordearen abizenak izango ditu,
bai eta adopzio-familiarekiko oinordetza-eskubideak ere.
Pertsona adoptatzaileentzako ondorioak
Seme-alaba biologiko batekiko dituzten eskubide eta betebehar berberak
dituzte.
Adoptatuarekiko guraso-agintea dute, adin-nagusitasunera iritsi arte.
Adoptatzeko baldintzak
- 25 urte edo gehiago izatea.
- Adoptatzailearen eta adoptatuaren artean gutxienez 14 urteko aldea
izatea.
- Bikote ezkonduek nahiz izatezko bikoteek adopta dezakete, bai eta
pertsona (gizon nahiz emakume) bakar batek ere.
Adoptatuak izan daitezkeen pertsonak.
- Emantzipatu gabeko adingabeak.
- Adoptatzaile eta adoptatuaren artean aurretiazko familia-harrera egoeran
dauden adinduna (18 urte) edo emantzipatuak (16-18 urte).
- Ezin da adopziorik gauzatu hurbileko senideen artean.
Adopta dezaketen pertsonak
- Pertsona ezkonduak.
- Pertsona ezkongaiak.
- Izatezko bikoteak, heterosexualak, gutxienez 3 urteko elkarbizitza
egonkorrarekin.
- Bikote homosexualek ezin dute adoptatu, oraingoz behintzat, baina
berezitasun hori biltzen duten lege-aldaketarako zenbait proposamen
badaude.
Adoptatzeko prozedura
- Haur bat adoptatu nahi duen pertsonak, dagokion Administrazioko Haurren
Arretarako Zerbitzura jo behar du (Bizkaia, Araba eta Gipuzkoan, Aldundia
da), elkarrizketa bat eskatzeko.
- Aldundiko Gizarte-Gaietarako Zerbitzuekin Elkarrizketa egitea.
- Eskatzen diren dokumentuak aurkeztea (ezinbestekoa: egiaztagiri medikoa
eta penala).
- Egokitasun-Egiaztagiria eskatzea: Aldundiko Zerbitzuko
psikologo batekin eta gizarte-langile batekin elkarrizketa egitea. Egiaztagiri
hori nahitaezkoa da eta adopzio bakarrerako balio du.
- Administrazioak eskatzen dituen dokumentu guztiak kautotu eta legeztatzea
(bankukoak, Ogasunekoak, Udalekoak, eta abar).
- Psikologoak eta gizarte-langileak, elkarrizketak egin ondoren, Txosten
Psikosoziala lantzen dute, eta administrazio-agintarien menpe
jartzen dute (Aldundian, Gizarte-Ongizateko Foru Diputatua). Agintari
horiek txosten psikosoziala onartzen badute, Egokitasun-Egiaztagiria
ematen dute, adoptatu nahi duen pertsona adopzio hori egiteko gai deklaratuz.
Ez badiote egiaztagiri hori ematen, eskatzaileak Auzitegietara jotzeko
aukera izango du.
- Eskaera itxaron-erregistroan inskribitzea.
- Kasu batzuetan, haurra familia adoptatzailearekin gutxienez urte
betez adopzioaren aurreko erregimenean egotea eskatzen da.
- Erabateko adopzioa ematen duen erabaki judiziala.
- Aldundiko Zerbitzuek haurraren eta familiaren jarraipena egitea.
Nazioarteko adopzioa
- Atzerriko herritartasuna duen haur baten adopzioa da.
Eman beharreko urratsak:
- Aukeratu den herrialdeko Enbaxada, Kontsuletxe edo Organismoan
informazioa eskatzea.
- Herrialde jakin batzuetan jarduteko kreditaturik dauden Agentzietan
kontsulta egitea.
- Dagokion administrazio-organoari (EAEn Aldundiak dira) adoptatu
nahi duen pertsona edo familiaren egokitasuna baloratzen duten txostenak
eskatzea.
- Dokumentu guztiak legeztaturik aurkeztea, herrialde bakoitzeko
araudia kontuan izanik.
- Guraso adoptatzaileak haurraren jatorrizko herrialdera joatea,
hura jasotzeko.
- Haurra Erregistro Zibilean inskribitzea, espainiar herritartasuna
lor dezan.
- Eskumena duen administrazio-organismoak (EAEn Aldundiak dira),
familiaren eta adoptatuaren egoeraren jarraipena egiten du.
Adopzioko agentzia ofizialak
- Adopzioa eskatzen duten eta haurraren jatorrizko herriko Administrazioaren
artean bitartekari gisa dihardute.
- Herrialde jakin batzuekin adopzioak tramitatzeak dakarren zailtasun
burokratikoa eta sortzen diren arazoak kontuan izanik (kultur aniztasuna,
arazo politikoak, eta abar), agentzia hauek eskatzaileei nazioarteko
adopzioari buruzko gai guztietan laguntzeko eratzen dira (1996-ko Adingabea
Babesteko Legeaz geroztik).
- Agentzia horiek dauden herrialdeetan, erakunde ofizial gisa onartuta
daude.
- Adopzio-Espedientea (Espainian eskumena duen adoptatzaileen bizilekuko
Organismoak egindakoa) haurraren jatorrizko herrialdearen Administraziora
bidal-tzeaz arduratzen dira, herrialde hartan dituzten lankideen bitartez.
- Agentzia hauen zerbitzuak ez dira doakoak. Prezioen tarifak Administrazioarekin
batera finkatzen dira.
- Legeak ez du esaten nazioarteko adopzioa nahitaez Agentzia Ofizialen
bitartez tramitatu behar denik, baina oso lagungarriak izan daitezke.
Adibedeak:
- Anak eta Koldok seme bat adoptatu zuten, eta ondoren beste seme
biologiko bat izan zuten. Semeordeak eta biologikoak beren gurasoekiko
eskubide berberak al dituzte, ala bion arteko ezberdintasunik al dago?
Ez dago inolako ezberdintasunik. Adopzioa formalki egiten den unetik
aurrera, semeordeak bere adopziozko semetasunak dakartzan eskubide guztiak
izango ditu (abizenak, elikagaiak, oinorde-izaera, eta abar), seme biologikoak
dituen berberak, alegia. Eta arrazoi beragatik, gurasoek ere bi semeekiko
betebehar eta eskubide berberak dituzte (guraso-agintea, eta abar).
Gainera, bi semeak elkarren artean anaiak dira.
- Jakin al dezaket semeordea/alabaordea ote naizen?
Bai. Erregistro Zibileko jaiotza-ziurtagiriaren bitartez (inskripzioa),
bertan adopziozko seme-alabatasuna agertuko baita.
- Gurasordeek, adopzioa gauzatu ondoren, uko egin al diezaiokete
adoptatu duten seme-alabari?
Ez. Inola ere ez. Adopzioa gauzatzen den unetik aurrera, ezeztaezina
da, eta beraz, gurasordeek ezin diote adoptatu duten seme-alabari uko
egin
7. Harrera
I. Zer da?
Pertsona edo familia batek adingabe bat zaintzea da, hura babestu, elikatu
eta hezteko obligazioa bere gain hartuz, bere jatorrizko familia aldi
baterako ordezkatuz edo haren osagarri gisa jardunez, arrazoi ezberdinengatik
ezin dituelako adingabearen beharrizanak behar bezala bete.
Inskripzio hori egin ondoren, edozein gorabehera pertsonal edo familiakoa
(adopzioa, abizen-aldaketa, eta abar) Erregistro Zibilean adierazita geratuko
da.
II. Motak
Legeak bi mota aurreikusten ditu: harrera arrunta eta adopzioaren aurreko
harrera.
a) Harrera arrunta:
- Ez da adopzio bat.
- Haurra pertsona edo familia baten esku geratzen da, baina behin-behinekoz.
- Administrazioak haurraren tutoretza du, eta edozein unetan erreklama
dezake.
- Harrera-programa hauetan laguntzen duten pertsonek, behar duten laguntza
ekonomikoa, aholkularitza eta prestakuntza jasotzen dute Administrazioko
teknikarien eskutik.
- Familia, haurraren eta bere beharrizanen arabera aukeratzen da.
- Harreraldia haurraren egoera pertsonalaren araberakoa izango da (hilabeteak
edo urteak iraun dezake, baita haurraren adin-nagusitasuna iritsi arte
ere).
- Harrera-familiak beti kontuan izan behar du haurrak jatorrizko familia
duela eta ezin izango duela inoiz hura ordezkatu.
b) Adopzioaren aurreko harrera:
- Erabateko adopzioa formalizatu aurretik egiten da, adopzioa eskatu
duen eta egokitzat jo den pertsona edo familiaren kargura.
|